XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apez nonbriaren ttipitzea bat da; serorena ere berdintsu izan da.

Baziren serorak, diela hogoi urte, sei herrietan; orai bietan bakarrik.

Apez eta seroren ttipitze horrek, bainan ere 62-tik eta 65-etarat iragan den Kontzilioak ekarri duela kanbiamen berezi bat gure Elizan, ez da dudarik.

Elizkizunetan da lehen lehenik hasi kanbiamena.

Euskal-elizetan euskarak gaina hartu du latinari, zoin fite!... eta zoin aise!... Beloke-ko beneditanoek eta bertze apez zonbeitek egin lan izigarri balios bati esker: otoitz eta irakurgaiak oro itzuli euskararat, Elizako kantua arras berritu, eta hoik oro goxoki, batere ohartu gabian kasik...

Ni denbora hetan Parise-n nintzen; eta jakin behar da, hango ainitz elizetan eztabadak iragan zirela, ez nahiz beren latin zaharra bazter utzi, eta haren estakuru beste kanbiamen ainitz ere errefusatuz.

Emeki emeki, beste elizkizun molde ainitz ere kanbiatu da: bataio, kofesio, ezkontza moldeak...

Erien sakramendua ere ez da baitezpada azken sakramendua, noiztenka multzo bati emaiten delarik, zelebrazione eder batian.

Leheno, apez bakotxak edo serorek baginituen talde berian 30-40 bat haur, galde eta errepostu ikasi behar, etsaminak pasatu behar Komunione handi delakorat heltzeko....

Ezagutu ditut halere, ordukotz, hiruzpalau katexizta, gure laguntzeko.

Orai, Donibaneko parropian berian, baditugu berrogoi bat katixima-egile, bi apez eta serora bat laguntzaile.

Sei-zazpi haur dauka katexizta bakotxak, sala ttipi batean edo berdin bere etxean.

Apezek ez dugu baitezpada haur horieri guhaurek katixima egiten; bainan katexiztekin dugu lan egiten, eta gero haurren zelebrazionetan parte hartzen...

Apezek ere, ahal bezenbat, aitetamak ditugu elgarretaratzen hek launtzen oraiko katixima-molde berritan; eta ttipi direno, preseski, aitamen gain emaiten katixima-egitea ere beren ttipi-eri...

Hori kanbiamendu handia da eta, uste dut, izigarri baliosa gure Elizan...

Beste kanbiamendu bat oraino, gazteri buruz.

Bazen orduan, Patronaja deitua, Garaztarren Etxean.

Zonbat haur eta zonbat gazte han elgarretaratzen zen ortzegun eta igandetan, edo edozoin arratsez berdin, ez diot erran; fiteago litaike erraitea: nor gaztetan ez zen han iragaiten.

Ordu hetan, patronajetan, haur eta gazteak, zendako biltzen ziren?.

Zonbaiten arrazoina: ez baitzen etxetan telebistarik eta haurrak (puxulu ostegun eta igandetan) gogotik igortzen zituzten Patronajerat, karrika dantzan uzteko orde...

Animatzaile gazte zonbeitekin ari ziren kiroletan, gehienik... Mendia hurbil baita Garazin, maite gintuen bortuko ibil-aldiak (jeux de piste eta holako); eta, atsaldearen bururatzeko komuzki zinema...

Patronajetan ziren ere kudeatzen Coeurs vaillants eta Ames vaillantes, orduko haurren egintza katolikoa, Fripounet-ren bitartez...

Eguberritako eta amen pesta egunetako antzerki eta ikusgarri ttipiak...